Ikastaro berria Ametxen: nekazal-basogintzaren kudeaketa elikagai-basoetan ametxekoop 10 de abuztua de 2026

Ikastaro berria Ametxen: nekazal-basogintzaren kudeaketa elikagai-basoetan

Zer gertatzen da laborantza landare isolatuen multzo gisa ikusteari utzi eta etengabe aldatzen ari den ekosistema bizi gisa begiratzen hasten garenean?

2026ko abuztuaren 29an eta 30ean, Ametxen, Gordexolan (Bizkaia), Nekazal-basogintzaren kudeaketa elikagai-basoetan ikastaroaren edizio berri bat egingo dugu.

Ikastaroa Julio Castañedak, El Biobosque de Aés proiektuko kideak, emango du, BioBasoa eta Ariwakeren laguntzarekin.

Formakuntza teoriko-praktikoa izango da, nekazal-basogintzako sistemen kudeaketa esperientzia zuzenetik ezagutzeko: zer gertatzen ari den behatu, sistema bakoitza bere bilakaeraren zein unetan dagoen ulertu eta haren garapena laguntzeko nola esku hartu ikasteko.

Aurreko formakuntzetan parte hartu dutenentzat zein lurrarekin eta prozesu naturalekin harremantzeko beste modu batzuk ezagutu nahi dituztenentzat aukera interesgarria izango da. Egun batean edo bietan parte hartu daiteke.

Hazten ari diren sistemetatik ikastea

Edizio honen berezitasunetako bat da Ametxe ikaskuntza-laborategi bizi txiki bat bihurtzen dela.

Ikastaroan 2023an, 2024an eta 2025ean ezarritako nekazal-basogintzako sistemak bisitatu eta landuko ditugu. Horrela, zuzenean ikusi ahal izango dugu sistemak denborarekin nola aldatzen diren eta haien kudeaketa-beharrak ere nola aldatzen diren.

Besteak beste, segida ekologikoa eta geruzapena, urtaro bakoitzeko esku-hartze uneak, kudeaketa-metodologia eta elementuen zikloa landuko ditugu.

Zati praktikoan garapen-fase desberdinetan dauden sistemetan esku hartuko dugu, besteak beste biodibertsitatea handitzeko eta segida ekologikoaren prozesuak lagundu edo bideratzeko.

Errezeta itxi bat aplikatzea baino gehiago, helburua da ekosistema behatzen ikastea, zer gertatzen ari den ulertzea eta behaketa horretatik abiatuta erabakiak hartzea.

Jarraitzen duen ibilbidea

Formakuntza hau azken urteotan Ametxen egiten ari garen ibilbidearen parte da. Nekazal-basogintzako sistemen inguruko hastapen, diseinu, ezarpen eta kudeaketa ikastaroak egin ditugu.

2024an kudeaketari buruzko formakuntza espezifikoak hasi ziren, eta 2025ean edizio berriak egin genituen. Horien artean izan zen «Sortu zure elikagai-basoa» hastapen-ikastaroa. Bertan diseinua eta ezarpena ez ezik, ekosistemaren bilakaera, segida ekologikoa, geruzapena eta kudeaketa ere landu ziren.

Horri esker, formakuntza berri bakoitzean ez gara hutsetik hasten: benetako sistemetara itzultzen gara, azken esku-hartzetik zer gertatu den ikusten dugu eta haien bilakaeratik ikasten dugu.

Ekosistemetatik ikasiz elikagaiak lantzea

Nekazal-basogintzak zuhaitzak eta beste landare egurtsu batzuk laboreekin uztartzen ditu —eta, sistemaren arabera, baita animaliekin ere—, haien artean sortzen diren harremanak aprobetxatzeko.

FAOren arabera, sistema horiek lurzoruaren osasuna, uraren kudeaketa, biodibertsitatea eta ekoizpen-sistemen erresilientzia indartzen lagun dezakete.

Ametxen egiten ari garen ibilbideak nekazaritza sintropikoaren hainbat printzipiorekin ere bat egiten du, Julio Castañedak aurreko formakuntzetan landu dituen bezala.

Ikuspegi horretan, segida ekologikoa eta geruzapena bezalako kontzeptuek espezieak espazioan ez ezik, denboran ere nola antolatu eta kudeatu ulertzen laguntzen dute.

Begirada aldatzea proposatzen du: ez da soilik elikagaiak ekoiztea, baizik eta galdetzea nola ekoitz dezakegun lurzorua, biodibertsitatea eta ekosistema gero eta konplexuagoak sortzen dituzten prozesuen parte izanik.

Informazio praktikoa

📅 2026ko abuztuaren 29a eta 30a
🕙 10:00–18:00
📍 Ametxe · Gordexola (Bizkaia)
🌱 Emailea: Julio Castañeda · El Biobosque de Aés
🗣 Hizkuntza: gaztelania
🤝 Laguntzaileak: BioBasoa eta Ariwake

Egun batean edo bietan parte hartu daiteke.

📩 Informazio gehiago eta izen-ematea: ametxe@ametxe.eus

Gehiago sakontzeko

Ikastaroaren aurretik edo ondoren gaiari buruz gehiago jakin nahi duenak hiru baliabide hauek erabil ditzake abiapuntu gisa:

FAO – Agroforestry. Nekazal-basogintza zer den, zer sistema mota dauden eta ingurumenari zein ekoizpenari egin diezazkiokeen ekarpenak ezagutzeko sarrera orokor eta zorrotza.

Agenda Götsch – “What is Syntropic Farming?” eta “Life cycle, stratification and succession”. Nekazaritza sintropikoaren logikara hurbiltzeko eta ikastaroan landuko diren hainbat kontzeptu hobeto ulertzeko bi baliabide interesgarri.

BIDEOA – “Life in Syntropy”. Agenda Götsch-en film laburra, nekazaritza sintropikoaren esperientziak eta oinarrizko printzipioak oso modu bisualean erakusten dituena.

Idatzi iruzkin bat
Your email address will not be published. Required fields are marked *